GERTU KULTURA

BBK BANKU FUNDAZIOAK BIZKAIAN GERTU KULTURA, EGOERA ZAURGARRIAN DAUDEN PERTSONEI KULTURARAKO SARBIDEA ERRAZTEN DIEN SAREA, SORTZEA BULTZATZEN DU

Abian jarri da Bizkairako Gertu Kultura, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei kulturarako sarbidea errazten dien programatzaile-sarea, eta dagoeneko gaurtik martxan dagoena. BBK Banku Fundazioak bultzatu du ekimena bere 'Kultura Inklusiboaren aldeko 2024-2030 Estrategiaren' esparruan, eta ekimen hau sortu da "Bizkaiko kultura-eskaintzaz gozatzeko aukera bizkaitar guztiei bermatzeko unea iritsi delako, batez ere oraindik eskaintza horretaz baliatzeko zailtasunak dituztenei", azaldu du Koldo Bilbaok, BBKko Kultur arloko arduraduna. "Kultura-aukeren benetako berdintasuna sustatzea eta inor atzean ez uztea ez da jada aukera bat: premia geroraezina da".

Koldo Bilbaok argi utzi gura izan du hau "oztopoak ‒ikusgarriak eta ikusezinak‒ behin betiko kentzeko beste urrats bat besterik ez dela, aspalditik dihardugularik horretan lanean"; hala ere, Gertu Kultura, plataforma bat ez ezik, "kultura-paradigma berri bateranzko behin betiko inflexio-puntu bat ere" izatea nahi da: "bidezkoagoa eta benetan inklusiboa guztiekiko, salbuespen barik". Aurkezpenean, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Leixuri Arrizabalagak (Euskara, Kultura eta Kiroleko foru-diputatua) eta Amaia Antxustegik (Gizarte Ekintzako foru-diputatua) parte hartu dute, eta Bilboko Udalaren izenean, Gonzalo Olabarriak (Kultura eta Gobernantzako zinegotzia). Erakunde horiek proiektua babesten dute, eta bat etorri dira, kultura aldaketarako benetako motorra izan dadin, ezinbestekoa dela kolektibo zaurgarriak publiko berri gisa sartzea

Gertu Kulturaren funtzionamendua erraza da. Doakoa den eta eskuragarri dagoen www.gertukultura.org/bizkaia plataformaren bidez, edozein zaurgarritasun-egoeratan dauden pertsonekin lan egiten duten gizarte-erakundeek sarrerak erreserba ditzakete artatzen dituzten gizataldeentzat. Bestalde, lehen fase honetan bat egin duten 21 kultura-programatzaile publiko eta pribatuek (eta laster batuko diren guztiek) beren ohiko jarduerak prezio merkean eskaintzen dituzte (gutxienez % 2ko edukiera-erreserbarekin), baita ekitaldi espezifikoak, sartzeko lehentasuna, laguntza-tresnak (audiodeskribapenak, gidak, etab.), prestakuntza artistikoa eta abar ere. Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia, BBK Sala bera, BOS, Euskadiko Orkestra, Rekalde Aretoa, Arrantzaleen Museoa, El Pobal Burdinola, Txakoligunea... inplikaturik dauden leku ugarietako batzuk dira. Baina zerrenda hori etengabe handitzea da asmoa. "BBK Banku Fundaziotik pixkanaka kultura-sektore osoa inplikatu nahi dugu inklusioaren aldeko ezinbesteko konpromiso honetan", esan du Bilbaok.

Kolektiboen artatze eta laguntzarako erakundeen ‒artatzen dituzten pertsonei kultura-estaldura eman ahal izateko dagoeneko Gertu Kulturarekin bat egin dutenen‒ artean, 30 baino gehiago daude oraingoz: Apnabi Autismo Bizkaia, ASPACE, Caritas, EDE Fundazioa, Gorabide edo Lantegi Batuak, batzuk aipatzearren. "Zaurgarritasun-egoerez ari garenean, ez gara profil zehatz batez ari, baizik eta kolektibo batzuez, hala nola, gaixo kronikoez eta adinekoez, adikzioen biktimez edo ikusi edo entzuteko desgaitasuna edo desgaitasun fisiko edo intelektuala duten pertsonez, etxerik gabeko pertsonez, migratuez edo askatasunik gabekoez, beste askoren artean", nabarmendu du Marta Font-ek, Gertu Kulturako arduradunak. Helburua da horiek guztiek ere "kulturak eskaintzen dizkigun onurez gozatzea, ludikoa ez ezik terapeutikoa ere bai baita; izan ere, kulturak ilusioa eta oroitzapen zoriontsuak sortzen ditu, emozio positiboak pizten ditu, harremanak eta lagunak errazten ditu, herritarren bizitzan integrazio eta parte-hartze aktiboaren sentimendua sustatzen du... Eta, azken batean, bizitza osoa eta autonomoa garatzen laguntzen du".

Gertu Kulturaren bidez, ekipamendu bakoitzaren irisgarritasuna ere kontsulta daiteke, irakurketa errazeko informazioa eduki, edo kolektiboen beharrizanak azaldu, irisgarritasun-kate osoa beti bermatuta egon dadin. Era berean, webguneak etengabeko prestakuntzako gordailu gisa ere funtzionatzen du, arteen eta kulturaren bidezko irisgarritasunari eta gizarteratzeari buruzko baliabideekin; izan ere, Gertu Kulturaren konpromisoa da kultura-eragileak eta hirugarren sektorekoak modu egonkorrean elkartzea eta modu pertsonalizatuan aholku ematea.

Horretaz guztiaz gain, Gertu Kulturak bi ardatz osagarritan ere lan egiten du. Batetik, (kanpaina, jardunaldi eta topaketen bidez) herritarrak sentsibilizatzea, gizarte-aniztasuna eta bazterketa-egoerak ikusarazteko eta horiei buruzko ezagutza sortzeko. Bestetik, Bizkaiko kultura-sektorearen prestakuntza eta laguntza, dagoeneko programatuta dauden hasierako biak bezalako saioekin (beti doakoak). Maiatzaren 30ean online mintegi bat eskainiko da irisgarritasunari buruz, eta ekainaren 18an, Bilboko Itsasmuseum-en, aurrez aurreko lehen prestakuntza-saio bat izango da kultura-programatzaileentzat, kasu honetan irisgarritasun kognitiboari buruzkoa, adimen-desgaitasuna dutenei kulturarako sarbidea bermatzeko helburuarekin. Programaren asmo orokorra, laburbilduz, "bizi-kalitatea hobetzea da, hazkunde pertsonala sustatzea eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonen bizitza kulturala normalizatzea", Font-en hitzetan.

'Apropa Cultura' programaren babesean sortu da Gertu Kultura. Bartzelonako L'Auditori-k duela 19 urte hasitako programa da, eta, gaur egun, erreferentziazko sare inklusiboa da Espainiako estatuko hainbat lurraldetan (gaztelaniaz, 'Acerca Cultura' esaten zaio). Gaur egun, ia 200 kultura-programatzaile ditu, eta elkartutako 1.800 gizarte-erakunde baino gehiago Katalunia, Madril, Balear Uharteak eta Gipuzkoa artean. Azken lurralde horretan, urte eta erdi baino gutxiagoko bizitzarekin, Gertu Kultura Gipuzkoak dagoeneko 3.372 pertsonak 290 esperientziatan parte hartzea lortu du, "35 kultura-programatzaile eta 160 gizarte-erakunderen lankidetzari esker. Eta sare horrek hazten jarraitzen du egunez egun", esan du pozik Font-ek.

Azkenik, BBK Banku Fundazioak azpimarratu nahi izan du erakundeak aspaldidanik lantzen duen kultura inklusiboaren aldeko apustu hori bizkaitarrek eurek babesten dutela "aho batez". Erakundeak bere 'Etorkizuneko biztanleak' programaren barruan egin duen 'Bizkaiko kulturaren etorkizuna' azterlanaren arabera, lurraldeko biztanleen % 94,7 ados daude kalitatezko kulturarako sarbidea pertsona guztiei bermatu beharreko eskubidea dela esatean. Era berean, herritarren % 90ek baino gehiagok uste du oso beharrezkoa dela pertsona jakin batzuk kanpoan uzten dituen kulturarako sarbide-arrakala murriztea. Are gehiago, gehienek uste dute prezio bereziak eskaini behar zaizkiela gizatalde behartsuenei, eta, gainera, prest daude gehiago ordaintzeko, behar izanez gero, baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak kultura-ekitaldietara sar daitezen.

Itzuli
Skip to content