BBK SALAK BERE BEDERATZIGARREN EKOIZPEN PROPIOA AURKEZTEN DU: “R&J”, LA DRAMÁTICA ERRANTE KONPAINIAREN “ROMEO ETA JULIETA”-REN BERRIKUSPEN GARAIKIDEA

Bilboko BBK Salak bere ekoizpen berria prest du estreinatzeko, oraingoan María Goiricelaya eta Ane Pikazaren La Dramática Errante konpainiarekin elkarlanean. “R&J”, William Shakespeareren klasikoaren berrikuspen garaikidea, Kale Nagusiko Antzokian ikusi ahalko da irailaren 27 eta 28an (euskaraz) eta urriaren 3tik 5era (gaztelaniaz). Sarrerak salgai daude (12 € -prezio finala-) webgunean eta BBK Salaren leihatilan. “Literatura unibertsaleko maitasun ospetsuenetik abiatuta, guk ere gaur egungo maitasunaz hausnartu nahi dugu: arintasun emozionala, sare sozialak eta askotariko loturak nagusi diren garaiotan”, aurreratu dute egileek “R&J”-ren goizeko aurkezpenean.

Aspalditik galdetzen diot neure buruari zer den maitasunaren kontu hori gaur: nola maite dugun, nola adierazten eta bizitzen dugun maitasuna, nola hori hiltzen den...”, hausnartu du Goiricelayak, testu originalaren egokitzapena eta antzezlana zuzendu duenak. “Inertziak haustea, aurreiritziak desmuntatzea eta desira eta gure maitasun harremanak modu argiagoan eta helduagoan bizitzea eskatzen duen garaian gaudela jakitun, ‘R&J’- rekin maitasun esklusiboa, bitarra, tragikoa eta, azken batean, mugatzailea” zalantzan jarri nahi izan du Goiricelayak, “gaur egun den bezala besarkatzeko: likidoa, anitza, kontraesankorra, disidentea... ”. Antzezlaneko aktoreak bost dira: Aitor Borobia, Egoitz Sánchez, Nagore González,Luix Mitxelena eta aipatutako Pikaza, konpainia bilbainoko beste erdia, baita koproduktore exekutiboa.

“R&J” -ren ernamuina BBK PACTen eskutik sortu zen. Nerabeekin garatutako proiektu bat da, eta bere burua zaintzea, gainerakoak zaintzea eta harremanetako tratu ona, belaunaldi berrien bizi-gidak, lortzea du helburu. La Dramática Errante-ko taldeak nerabeekin maitasuna nola ikusten duten eta gaur egun Shakespeareren maitaleak nortzuk izango ziren aztertzen eman zituen hilabete batzuk. Hortik aurrera, proiektua hazten joan zen, eta “gizarte garaikidean dauden maitasun harremanen aniztasunaren erretratu” bihurtu zen. Maitasun erromantikoaren kontzeptua deseraikitzeaz gain, obrak hainbat gai aztertzen ditu, hala nola maitasunaren merkantilizazioa, teknologiak harremanetan duen papera edo sare sozialek komunikazio interpersonalean duten eragina.
 
“R&J” BBK Salaren bederatzigarren ekoizpen propioa da dagoeneko, 2021ean espazioak “proiektu artistiko eraldatzaile eta kalitatezkoetarako agertokia izatearen alde egiteaz gain, proiektu horiek sortzen laguntzearen alde ere egin zuenetik”, esan Nora Sarasolak, BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak, bera ere prentsaurrekoan izanda. "BBK Banku Fundaziotik, gure erkidegoaren hausnarketa eta kohesioa bultzatzen duen gizarte-aldaketaren eragile gisa ulertzen dugu kultura. Eta horrelako proposamen bat guztiz bat dator ikuspegi horrekin". Hain zuzen ere, BBK Salaren lehen ekoizpena "Yerma" izan zen, duela lau urte, La Dramática Erranterekin lankidetzan. Muntaia hark 80 emanaldi baino gehiago izan zituen Estatu osoan, eta Max saria jaso zuen, antzerkirako moldaketa edo bertsio onenarena (Goiricelayarentzat).

Aretoak sortutako hurrengo ikuskizunek ere “ibilbide oparoa” izan dute, hala nola Madrilgo Fernán Gómez Antzokian programatutako “Borderland” ganbera-operak; “¡Agur, Otxoa feroz!”, Bizkaiko hainbat espaziotan hainbat birjarpen izan dituena; edo “Yarin” dantza-pieza, Europako eta Amerikako antzokietan ere ikusi dena. “R&J” obraren estreinaldiarekin, 2025ean egin zuen hirugarren ekoizpen propioa, “Cinco golondrinas” eta “Confeti. El regreso”-ren atzetik. BBK Salak “tokiko sorkuntza artistiko berritzailearekin” duen konpromisoa berretsi du, Sarasolak laburbildu duenez. “Gainera, oraingo honetan, kultura publiko guztientzat eskuragarri egiteko apustua areagotu dugu”, behar bereziak dituzten kolektiboentzako neurri espezifikoak dituzten bi funtzio eskainiko baitira. Irailaren 27koak, euskaraz, supertituluak eta soinu anplifikazioa izango ditu; eta urriaren 3koak, gaztelaniaz, supertituluak, soinu anplifikazioa eta audiodeskribapena.

Itzuli
Skip to content